2019

Azken Olatu Talka arrakastatsua

Hamargaren Olatu Talka izan da azkena. 60.000 pertsona izan dira jaialdiaren baitan programatutako 200ekintzetan parte hartzen. Inoizko kopururik altuena da eta horretan zerikusia izan du asteburuko eguraldi onak. Iragarri bezala, Olatu Talkak betirako esan du agur.

Olatu Talka jaialdia lehenengoz 2010. urtean egin zen, Donostia / San Sebastián 2016 egitasmoa oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Ordutik, Europako Kultur Hiriburutza izan zen urtera arteko ibilbidea elkarrekin egin dute Olatu Talkak eta DSS2016EUk.

Urtez urte, jaialdiak helburu berriak finkatu ditu eta herritarren energia bideratu du erronka kolektibo berriei heltzeko. Olatu Talka egitasmo bizi eta aldakorra da. Hiriko ekimen kulturalak saretzeko tresna bilakatu da. Donostiako oinarrizko kulturari balioa eman, indartu eta kalera atera du jaialdiak kultura bera hiriaren identitate zeinu gisa indartuz.

Ezagutzen dugun Olatu Talkaren azkeneko urtea izan da hau. 10 jaialdiren ostean, hausnarketarako garaia iritsi da.

 

Azken Olatu Talkak honako datuak utzi ditu:

  • Ia 2.000 lagun aritu dira Olatu Talkan era askotariko ekintzak gauzatzen.
  • 60.000 parte hartzaile izan ditu jaialdiak. Bigarren eguneko tenperatura altuak ez ziren oztopo izan. Alderdi Ederreko hainbat emanaldiren iraupena laburtu egin zen eguerdian egiten zuen beroagatik. Gainontzean, normaltasunez gauzatu zen egitaraua. Ostiralean 12.000 pertsona inguru izan ziren Olatu Talkako ekintzetan, larunbatean 30.000 inguru eta igandean berriz, 18.000.
  • Mota guztietako ekitaldiak izan dira: dantza, musika, artea, zientzia... adin guztientzat.
  • 20 ekitalditan izen-emateak izan dira, eta 1.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Ekimenak

Ekimen berriek harrera oso ona izan dute:

Argi Artean

Ostiralean Argi Artean ekimena gauzatu zen Oroimenaren lorategian. Argi instalazioen erakusketa eta hainbat kontzertu eta ikus-entzunezkoen emanaldiez gozatzeko aukera egon zen bertan. Elizaren hormak formatu handiko proiekzioen pantaila erraldoi gisa erabili zen ere. Musika esperimentala, poesia, videomapping saioak, bideoa, astronomia... artea eta teknologia ederki uztartu ziren ikuskizun berritzaile honetan. Ikusmina sortu zuen Olatu Talkako ekintzak eta asko izan ziren Loiolako Erreberetara hurbildu ziren pertsonak.

Loiola Apain Street art ekimenak

Formatu handiko horma irudi bat margotu zuen bost egunetan Marcos Navarro artistak Loiola auzoko eraikin batean. Horrez gain, mosaiko bat marrazteko aukera egon zen Igeltegi kaleko zoruan Reskateko kideekin. Auzotarrak oso pozik daude egindako bi lanekin eta jende andana gerturatu da lanak ikustera.

Ondarreggae Jaia

Bassque Reggae Elkartearekin elkarlanean, zenbait reggae kontzertu antolatu zituen Olatu Talkak egun osoan zehar Ondarretako hondartzan. Jende asko pasa zen karpatik egun osoan zehar eta arrakasta handia izan zuen.

Jolas Kraterra

Familian gozatzeko plana izan zen Jolas Kraterra Ametzagaina parkean. Igandean familia asko gerturatu ziren bertan antolatutako ekintzekin gozatzera. Eguerdian itzala bilatu behar izan zuten parte hartzaileek eguzkiak gogor jotzen zuen eta. Hala ere, ipuin kontaketa, jolas eta musika emanaldiekin primeran pasa zuten bertaratutakoek.

Samba

Igandean Kontxako erlojuetatik abiatu zen Samba kalejira. Donostiara Brasilgo Inauteri giroa ekarri zuen ekimenak, musikak, kolorea eta dantzek Kontxako pasealekua hartu zuten. Bertatik zebilen jendetzaren artean lekua egin behar izan zuen.

Boga! Itxiera ekitaldia

Hamargarren Olatu Talkak itsasoari begira esan zuen agur. Easo Gaztetxoa, Ibaiertz eta Laredoko Escolania Salve abesbatzek itsasoari abestu zioten eta Gero Axularreko dantzariek osatu zuten emanaldi ederra haien dantzekin. Jaialdiari amaiera biribila eman zion emanaldi bereziak.

Bestalde, Olatu Talkako ohiko hitzorduek ez zuten hutsik egin:

Kontzertour

50 kontzertu hiru egunetan. Mota guztietako doinuak entzun ahal izan ziren agertoki desberdinetan programatutako kontzertuei esker. Loretope agertoki berria izan zen aurtengoan eta harrera ona izan zuen. Cervantes plazan, Kaian, Eguzkitekan, Zurriola pasealekuan, Nautikoan edota Añorgan egin ziren kontzertuak.

Basoka

Miramongo basoan Basoka ekimenaz gozatu ahal izan zen igandean. Jon Busselo, Ane Leux, Luke Armstrong eta Iker Laurobaren kontzertuetara lagun dexente hurbildu ziren. Paraje honetan folk musika izan zen nagusi izan ere, 2015. urteko lehenengo edizio hura gogoratu nahi izan zen.

Kontxa Gaumarket

Kontxako arkupetan jarritako azoka arrakastatsua izan da beste behin. Bi egunetan 80 postu jarri ziren, ostiralean 40 eta larunbatean beste 40. Hondartza egunak izan zirenez biak, une batzuetan zaila izan zen lekua egitea jendetzaren artean.

Olatu Talkak hamar urteko zikloa itxi du. Eskerrak eman nahi zaie urte guzti hauetan Olatu Talkan parte hartu duten eragileei izan ere, haien lanak egin du posible jaialdia.

Ekainaren 17ra arte ikusgai egon zen Egiako pasadizoan Irudigileak erakusketa. Emakumezko ilustratzaileen 44 lanek osatu zuten erakusketa koloretsua.