2018

Bukatu da aldarrikapenez betetako Olatu Talka 2018

Bukatu da 2018ko Olatu Talka, eta eragileei eta herritarrei esker 9. jaialdia ere arrakastatsua izan da. Eguraldi nahasiari aurre eginez, 30.000 lagun elkartu dira aldarrikapenez betetako jaialdia.

#HiriaEgin izan da 2018an ere Olatu Talkaren leloa, guztiontzako hiria, atsegina eta egokia, eraiki nahi du Olatu Talkak. Eta horretarako, 2018an gai sozialek garrantzia handia izan dute, aldarrikapenez betetako Olatu Talka izan da. Hiria arlo sozialetik eraikitzeko funtsezkoak diren hainbat gai landu dira 2018ko jaialdian:

  • Kultur aniztasunak leku esanguratsua izan du. Inaugurazio Ekitaldian Afrika izan da ardatz. Afrika eta Donostia elkartzea eta elkarren arteko ezagutza eta onarpena lantzea izan da inaugurazio ekitaldian oinarri. Kultur arteko ezagutza landu da baita ere Ongi Etorri Eskolara ekimenak antolatutako Munduko Jolasen Topaketan. Gipuzkoa Solidarioak ere Aurreiritzien hormak bota ekimena eta beste hainbat ere egin ditu.
  • Ingurumenak ere berebiziko garrantzia izan du: ingurumen aldetik neurriak hartu ditu jaialdiaren antolakuntzak, ibilbide, instalazio artistiko eta bestelako hainbat ekimenek ingurumenaren ezagutza eta defentsa izan dute oinarri. Hala, esaterako, erabili diren edalontzi guztiak organikoak izan dira, artoz egindakoak; jaialdian energia berriztagarriak< izan dira nagusi: eguzki sorgailuak erabili dira, gasolina sorgailuak baztertuz; berrerabilera eta ingurumenak ere leku garrantzitsua izan du, instalazio artistikoetan, berrerabilera eta bigarren eskuko azoketan, itsas zaborra out ekimenean, naturarekin lotutako ibilbide eta hitzaldietan eta abar.
  • Eta zalantzarik gabe aurten bortizkeria sexistaren aurkako kontzientziazioak izan du leku nabarmena. Batetik, Harituzek bultzatuta, bortizkeria sexistaren aurkako matazekin bufanda ehuntzen aritu dira herritarrak eta jada ia 5 kilometro luze den bufanda horretarako 88 metro gehiago ehundu dira Olatu Talkan. Horrez gain, azken eguneko ekitaldi nagusia bortizkeria sexistaren aurkako ekintza izan zen: Harituzen bufanda hori ardatz hartuta, Elene Carreto dantzariak Elorrioko bere ikasleekin sortutako koreografia eskaini du.
  • Deszentralizazioa ere funtsezkoa izan da Olatu Talkan, eta ekimenak izan dira hiri osoan zehar.
 

Jaialdiaren datuak

Aldarrikapen giroaz gain, hona hemen jaialdiaren nondik norakoa azaltzen duten hainbat datu:

  • 300 talde edo eragile ibili dira hiria era askotariko ekintzaz betetzen.
  • Talde horien guztien bidez, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute era aktiboan Olatu Talkan.
  • 30.000 parte-hartzaile izan dira. Larunbat goizeko euriak ekitaldi batzuk (% 5 inguru) bertan behera geratzea eragin zuen arren, eta jende gutxiago ibili bazen ere, eguerdirako atertu zuen eta jendea gogotsu atera zen kalera. Ostiralean 6.000 bat lagun hurbildu ziren Olatu Talkako ekitaldietara, larunbatean ia 20.000 eta igandean 5.000 bat.
  • Mota guztietako ekitaldiak izango dira: dantza, musika, artea, zientzia, historia... Adin guztientzat.
  • 20 ekitalditan izen-emateak izan dira, eta 1.200 lagun baino gehiagok eman dute izena.

Ekitaldiak

Beste hainbat ekitaldi aipagarri ere izan dira 2018ko jaialdian:

  • Basoka, Zorionak Dylan!: Zalantzarik gabe, Olatu Talkan ikusmin gehien sortu duen ekimenetako bat izan da. Maiatzaren 24an Bob Dylanek 77 urte bete ditu, eta bi egun geroago, Zorionak Dylan! emanaldia izan da Miramongo basoan. Agertokia apur bat mugituta, bertaratutakoei aterpea emate aldera Basque Culinary Center-en ondoan jarri baita eta, era horretan, jendeak bertako aterpea erabili ahal izan du. 400dik gora lagun elkartu dira Miramongo basoan eta gogotik gozatu dute bertako 25 artistek eskainitako bertsioekin. Hona hemen artisten zerrenda eta eskainitako abestiak.
  • Antiguo, Merkatuaren Eguna: Urtean zehar Antiguako merkatu zaharrean hainbat ikastaro egiten dira, eta bertan egindako lan guztia jendaurrean erakusteko egun osoko egitaraua prestatu dute bertako eragileak. Olatu Talka Antiguan, aurreikusi bezala, aterpera jo dute eta frontoian eta merkatuan egin dituzte jarduerak: txaranga, tai ji, gimnasia, joskintza erakusketa, dantza emanaldiak, haur eta gaztetxoentzat jolasak eta abar. Giro polita izan dute egun osoan 1.500 lagun inguru izan dira bertan.
  • Made in Altza: Altzarekin lotutako film laburren proiekzioa egin da Casares Kultur Etxean (Harria parkean egitekoa zen, baina lekuz aldatu da eguraldia medio). 100 lagun inguru elkartu dira emanaldian, eta bertaratuek gogotik gozatu dute. Larratxo 8 mm ekimenaren baitan Txirrita Bertsolariaren Pasealekuan egunean zehar era analogikoan grabatutako film laburra ere eskaini da. Film laburren emanaldia hasi aurretik Dinbi Danba taldeak kontzertua eskaini du.
  • Intxaurrondo, Elkarbizi Jaia: Intxaurrondoko Txaparrene Pasealekuan egindako jaiean mugikortasun arazoak dituztenen, bizikleten, oinezkoen, patinatzaileen eta abarren arteko elkarbizitza landu da, izan ere, hainbat arazo sortu ohi dira inguru horretan. Jaia izan da eguraldiak gehien kaltetuenetako bat, izan ere, euriak eragin nabarmena izan zuen. Hala ere, Berrerabilera merkatua, herri bazkaria eta Gipuzkoa Solidarioak antolatutako hainbat ekimen, esaterako Aurreiritzien Hormak Bota, egin dira.
  • Añorgako Harrobiaren Plaza: Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearen ekimenez, izena eman zaio Añorgako plazari. Añorgatarrek aste osoa eman dute plaza margotzen, prestatzen eta abar, eta izena ere jarri diote. Añorgan parte hartze prozesu bat egin dute plazari izena emateko, eta aurrerantzean izena izango du: Harrobiaren plaza. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideek harrobien eta harrobi hitzaren inguruan irakurketa egin ondoren, izena proposatu zuen umeak plazaren izenarekin jarritako plaka erakutsi du.