2017

35.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute 2017ko Olatu Talkan

Maiatzaren 19, 20 eta 21ean Olatu Talka jaialdiak hiria hartu du, hiria egiteko, eta esan beharra dago parte-hartzea oso handia izan dela, bai herritarren aldetik bai eragile aktiboen aldetik. Jaialdian 200 ekimen inguru izan dira, eta hauen bidez herritarrei mota guztietako aukerak eskaini zaizkie (tailerrak, musika, dantza, antzerkia eta abar), gustu guztietarako modukoak. Olatu Talka jaialdiko hiru egunetan ia 2.000 lagun aritu ziren eragile aktibo gisa Olatu Talka aurrera eramaten eta 35.000 herritarrek parte-hartu zuten era batera edo bestera jaialdian.

Olatu Talkak jasotako datuen arabera, jaialdiko lehen egunean, maitzaren 19an, ostirala 5.500 bat ikus-entzule izan ziren inaugurazioan, Kontxa Gaumarketen, Urbanzientzian eta hainbat gunetan antolatutako kontzertuetan. Larunbata izan zen ekitaldi gehieneko eguna, eta 20.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Olatu Talkaren jardueraren batean edo bestean. Igandean, ekitaldi gehienak Kaian izan ziren eta egun osoan zehar jende asko ibili zen bertako jardueretan eta baita food-trucketan. Igandean azpimarratzekoak izan ziren itsas bidaia didaktikoak, Argazki estudio kalean ekimena, Izarrak Plazara lehiaketa eta Orixeko guraso eta haurren esku-hartze artistikoa aipatu behar. Guztira, 10.000 lagunetik gora izan dira Kaian. Beraz, guztira 35.000 lagunetik gora egon ziren Olatu Talkan.

Aurtengo datuak eta jaialdiko egunak nola joan ziren ikusita, Olatu Talkak oso harrera ona izan duela esan dezakegu. Parte-hartze aldetik aurreko urtean baino 10.000 lagun gehiago hurbildu dira Olatu Talkara eta ekimen konkretu batzuek izugarrizko arrakasta izan dute. Sareetan ere aurreko urteetan baino oihartzun handiagoa lortu du Olatu Talkak.

Ekimenak

Ekitaldi zehatz batzuek izan duten arrakasta azpimarratu beharra dago.

  • Inaugurazio ekitaldia: Udaletxeko terrazan 400 lagun elkartu zituen musika emanaldi berezia izan zen, musika mota eta estilo ezberdinak eta hainbat belaunalditako jendea elkartuta. Ederra izan zen eta oso esperientzia polita, abesbatzak eta Easo Jazz Orkestra rock eta pop taldeekin elkartzea eta azken horien kantak eskaintzea.
  • Urbanzientzia: Ostiralean eta, batez ere larunbatean, Katalunia Plazan jende ugari ibili zen Teknahik antolatutako ekimenean, eta jendeak gogotik gozatu zuen bertan egindako esperimentuekin, tailerrekin eta hitzaldiekin. 1.000 lagun baino gehiago izan ziren Urbanzientzian.
  • Mundu Festen Topaketa: Jendetza elkartu zen Teresa de Calcuta Plazan, eta oso ekimen interesgarria izan zen kultur arteko elkar ezagutza eta lankidetza bultzatzeko. Arratsalde osoan oso giro polita izan zen bertan.
  • Gipuzkoa Solidarioaren eta Caritasen guneak: Gizarte arloan lan egiten duten bi elkarte hauen guneetara ere jendetza hurbildu zen, eta bi ekimen azpimarratzeko modukoak izan ziren: gurpil gaineko ginkana eta zapiak era ezberdinetan jartzen ikasteko tailerra, herritarren aldetik oso harrera ona izan baitzuten.
  • Kontxa Gaumarket: Ostiralean jende asko hurbildu zen Kontxa Gaumarketera, baina larunbatean are gehiago. Une batzuetan bertako postuak ikustea ere zaila izan zen, eta 7.000 lagun baino gehiago pasatu ziren bertatik. Argi geratu da ekimen hau errotuta dagoela Olatu Talka jaialdian.
  • Udaletxea kasino bihurtzeko ekimena: Donostia Lindy Hop Dantza Elkarteak gaur egungo udalbatza aretoa berriro kasino bihurtu zuen, garai batean izan zenaren 130. urteurrenean. Udalbatza aretoa lepo bete zen, baimendutako edukiera betez, eta ikus-entzule batzuek kanpoan geratu behar izan zuten.
  • Tailerrak: Hiriko hainbat bazterretan izandako ikastaro eta tailerren arrakasta ere aipatu behar da. Leku guztiak bete baitziren bai Konstituzio Plazako 18 tailerretan, bai Cristina Eneko lau tailerretan eta abar. Tailerren artean, sortu zuen ikusminagatik eta ikusgarritasunagatik, Antiguako Zubimusu parkean Lotzen ADDek antolatutakoa aipatu behar da, 80 lagun aritu baitziren parkourraren sekretuak ikasten.
  • Kontzertuak: Kontzertuen artean inolako zalantzarik gabe berriro Basoka aipatu behar, jendea elkartu baizen Miramongo paraje berezian musikaz gozatzera, 500 lagun baino gehiago hurbildu ziren bertara. Eustasio Amilibiako kontzertuetan 200 lagun inguru elkartu ziren, eta larunbateko kontzertu arrakastatsuenak Kaian izan ziren, Nothing Box eta Pelayo y Sus Malditos nabarmenduz.

Webguneko datuak

Aurten webgunea estreinatu du Olatu Talkak, joomla sisteman, eta “mobile first” ideiaren gainean eraikia; hau da, lehenengo gailu mugikorretan pentsatuta egindako webgunea da. Eta jaialdia amaituta, argi geratu da erabaki zuzena izan dela horrela eraikitzea, izan ere, jaialdian zehar jasotako bisiten % 75 telefono mugikorraren edo tabletaren bidez izan ziren; iaz baino %10 gehiago.

Bistan denez, Olatu Talkako webguneak jaialdi egunetan izan ditu bisita gehien, eta aurten hiru egun horietan 53.000 bisitari izan ditu, % 15 gehiago. Arlo honetan gainera, erabiltzaile bakoitzak ikusitako orri kopurua azpimarratu behar da, batez beste 5 orri ikusi baititu, eta hori oso datu ona da.

Bisita gehienak agenda kontsultatzeko izan dira, % 83, izan ere, webgunea ere horretara bideratuta egon da, home-an agenda agertzen baitzen, kronologikoki, uneko ekitaldiekin hasita, eta ekitaldiak pasatu ahala hasierako agendatik desagertu egiten ziren.

Sare sozialak 2017

Olatu Talkak Twitter, Facebook eta Instagram sareei emandako mugimenduaz gain, sare horietan herritarrak, eragileak eta elkarteak oso aktiboak izan dira. Aipuak asko izan dira eta elkar banatutako edukiak ere bai, bai jaialdia hastear zela, bai jaialdian zehar, bai ondoren ere. Laburbilduz: interakzioa handia izan da.

Twitterri dagokionez, sare sozial beraren estatistikaren arabera, hauek dira @olatutalka kontuko datuak maiatzaren 1etik 21era: 78 jarraitzaile berri (1.053 jarraitzaile ditu 2017ko maiatzaren 24an), 115.000 aldiz ikusi dira bertatik bideratutako txioak eta 1.200 baino bisita gehiago izan ditu.

Facebooken 128 atsegite berri lortu ditu Olatu Talkaren orrialdeak jaialdiko 3 egunetan zehar (4.110 atsegin dut ditu 2017ko maiatzaren 24an) eta 347 atsegite berri lortu ditu azken 4 hilabeteetan. Eragileen eta Olatu Talkaren artean hainbat post sortu dira, 14.069 pertsonara iristea lortuz. Atsegin dut eta Elkarbanatu ugari lortu dituzte Olatu Talkaren artikuluek.

Instagrameko profilak arrakasta berezia izan du. Interakzioa handia izan da, bi norabideetan. Urtarriletik maiatza bitartean 90 post igo dira @olatutalka kontura eta 200 jarraitzaile berri inguru lortu ditu (1.420 jarraitzaile ditu 2017ko maiatzaren 24an).