Albistea

Olatu Talkak agur esan du bere parte hartze marka hautsiz

Hamargaren Olatu Talka izan da azkena. 60.000 pertsona inguru izan dira jaialdiaren baitan programatutako ekintzetan parte hartzen. Inoizko kopururik altuena da eta horretan zerikusia izan du eguraldi onak.

Olatu Talka jaialdia lehenengoz 2010. urtean egin zen, Donostia / San Sebastián 2016 egitasmoa oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Ordutik, Europako Kultur Hiriburutza izan zen urtera arteko ibilbidea elkarrekin egin dute Olatu Talkak eta DSS2016EUk.

Urtez urte, jaialdiak helburu berriak finkatu ditu eta herritarren energia bideratu du erronka kolektibo berriei heltzeko. Olatu Talka egitasmo bizi eta aldakorra da. Hiriko ekimen kulturalak saretzeko tresna bilakatu da. Donostiako oinarrizko kulturari balioa eman, indartu eta kalera atera du jaialdiak kultura bera hiriaren identitate zeinu gisa indartuz.

Jon Aizpuruak Olatu Talkako zuzendariak adierazi du ezagutzen dugun Olatu Talkaren azkeneko urtea izan dela hau. 10 jaialdiren ostean, gogoeta egiteko garaia iritsi da. Udaleko gobernu berriari eta Donostia Kulturako talde teknikoari dagokie orain egitasmo honi jarraipena nola eman erabakitzea. Izan ere, hiriko eragileei erakusleiho bat eskaini behar zaiela erakutsi du Olatu Talkak Aizpuruaren hitzetan. Sustatzaile eta antolatzaile lana egiteko eta parte hartzeko gogoa dute hiritarrek.

Agurrak ez du hirugarren eguna lausoatu

Miramongo basoan Basoka ekimenaz gozatu ahal izan da. Jon Busselo, Ane Leux, Luke Armstrong eta Iker Laurobaren kontzertuetara 300 bat lagun hurbildu dira. Paraje honetan folk musika izan da nagusi eta 2015eko lehenengo edizioa ekarri nahi izan da gogora.

Ametzagaina parkean berriz, familia giroan Jolas Kraterrean parte hartu dute askok. Bertan egin diren ekintza, jolas eta kontzertuetan txiki eta helduentzat egon da tartea.

Alderdi Eder eta Boulevardeko egertokietan ez da etenik izan. Alderdi Ederren esaterako, Izarrak Plazarako ekimeneko gazteen emanaldiak izan dira. Gazteria, Euskera, Bagera eta Donostia Kulturak sustatutako ekintza honetan talentua da protagonista eta emanaldi dotoreak eskaini dituzte apirilean egin zen kastingean hautatutakoek. Izarrak direla argi utzi dute.

Goizean zehar denetariko ekintzak egin dira: kontzertuak, roller derby erakustaldia, Zurriola ikastolakoen dantza erakustaldia, itsas hondoa garbitzeko ekimena gauzatu dute Irutxulo Sub Donostiako urpeko jardueretako kirol klubeko kideek Nautiko inguruan, bideoklip grabaketa Loiolan, tallerrak Grosen... 13:00ak aldera, Samba kalejira koloretsua egin da Kontxako pasealekutik. Jendetza erakarri du ekintzak. Boulevardean bukatu dute eta Sambastian taldeko kideek doinu brasildarrekin ingurua girotzen jarraitu dute.

samba web

Olatu Talkak zikloa itxi du itsasoari begira

Arratsaldean zehar musika emanaldiak izan dira Alderdi Eder, Grosen eta Cervantesen. Dena den, nagusia Kaiarriban egindakoa izan da. Ehun ahotsek itsasoari abestu diote ehunka pertsonaren aurrean. Itsasoan ia murgilduta egon den agertokian Easo Gaztetxo abesbatza, Ibaiertz eta Laredoko La Escolania Salveko kideek errepertorio ederra eta hunkigarria eskaini dute. Gero Axularreko dantzarien dantzak ere izan dira tartean.

Boga! -rekin agurtu da betirako Olatu Talka jailadia, hamar urteko ibilbide arrakastatsuari bukaera jarri zaio kantuan.