Albistea

Ondarreggae, musika eta beroa eguneko protagonistak

Tenperatu altuari aurre eginez burutu dira Olatu Talkako bigarren eguneko jarduerak. Goizean goizetik auzo zein erdiguneko guneak ekintzaz bete dira.

Ostirala musika kontzertu eta Argi Artean ekintzarekin bukatu zen lehenengo jardunaldi arrakastatsu bat borobilduz. Larunbata berriz, beroarekin iritsi da eta ikusleek itzala bilatu behar izan dute Alderdi Eder zein, Cervantes eta Kaiko Keler guneetako musika kontzertuez gozatu ahal izateko.

Eguzkiak erruz jo du eta pìxkanaka hurbildu da jendea Kalean Bizi ekimeneko hitzaldiak entzutera, Ukrainarren tailerretara edota indarkeriaren kontrako matazak egitera. Donostia Kulturako eskulan tailerretan gaztetxoenak izan dira parte hartzaile. Donostia Sketch marrazketa maratoiak jende andana erakarri du beste urte batez eta 200 partaide inguru izan dira Kontxako badia eta Alderdi Ederreko hainbat gune marrazten egun osoz.

 DonostiaSketch Bostok tx

Alderdi Eder eta Boulebardeko kioskoetako emanaldiek ez dute etenik izan, txiki eta helduen gozamenerako. Udalbatza aretoan piano emanaldi polita egin dute Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleek. Gune honetan, arratsaldean bi antzerki egin dira eta performance poetiko bat hasiko da 21:00etan.

Bestalde, hainbat ikastaro eta tailer burutu ahal izan dira egunean zehar. Loiolan mosaiko bat marraztu dute Igeltegi kalean Javier De Riba artistarekin 20 bat lagunek. Frisbeea jaurtitzeko teknika ikasten ere aritu dira Kontxako hondartzan. Bidebietako parkean Parkourrean jardun dira. Nautikoan Tai Jia egin dute. Papiroflexia, itsasoan ibilbide didaktikoa Ambar elkartekoekin. Uliako lorebaratzetan argazkigintza esperimentalean trebatu dira eta zientzia hiritarrei helarazteko helburuarekin, Urbanzientzia gunea zabalik izan da Zurriola pasealekuan egun osoz. Besteak beste, BCBL-ren eskutik neurozientzia tailerra egin ahal izan da.

Añorgan auzolanean plaza koloreztatzen aritu dira goizean eta arratsaldean, perkusio tailerra gauzatu dute. Egunari amaiera emateko Kimetz eta Maitaneren kontzertua izan dute.

Ondarreta, Reaggearen gunea
Ondarreta hondartzako Ondarregae jaia izan da Olatu Talkako bigarren egun honetan izarretako bat. Reggae musika gustoko izan dutenek aukera paregabea izan dute egun osoan zehar. Goizean 12:00etan hastekoa bazen ere, arazo tekniko batek egitaraua atzeratu du. Hala ere, arazoa gaindituta, dena primeran joan da. Kontutan izanda, gaur zabaltzen zela hondartza denboraldia, plan biribila izan da donostiar eta kanpotar askorentzat. Lorategiko Merkadabadilloan jendea ibili da, postuen artean Panthalassa-ren Plastic Familia topatu ahal izan dute bisitariek.

Gauean: musika eta film laburren emanaldia
DJak Loretopen: Olatu Talkako bereizgarrietako bat izan da beti hiriko leku desberdinetan ekintzak antolatzea. Oraingoan, Loretopen DJ saioak egin dira Xabeat, Iban Device eta Rat Look aritu dira arratsaldea girotzen jende andanaren aurrean.

Kontxa Gaumarket: Azokak bart milaka bisitari izan zituen, hiru mila inguru, eta gaurkoan harrera bikaina izaten ari da. 18:00etatik aurrera 40 postu zabaldu dira Kontxako arkupeetan eta bertan izango dira 00:00ak arte. Eguzkitekan DJ-ek ez dute hutsik egingo, bart ehunka lagun bildu ziren Kontxako arkupetako saioetan.

Kristonquillo: Altzako Harria parkean sevillana emanaldiaz gozatu ahal izango da 21:30etik aurrera eta jarraian Kristonkinokoek antolatutako film laburren emanaldia egingo da bertan. Umorea izango dute ardatz eta gau giro onarekin auzotar asko gerturatzea espero da.

Igeldoko plazan Undermoutekoek Polaroid deitu duten performancea egingo dute. Zeramika, eszena eta musika uztartuko dira ikuskizun honetan.

Azkenik, Keler gunean eta Cervantes plazako kontzertuetara jende gehiago hurbiltzen ari da eguzkiak indarra galtzen duen neurrian. Oraindik Olatu Talka ekimen asko dago martxan.