Albistea

Abiatu da hamargarren Olatu Talka

Olatu Talka hasi da, hamargarrena. 17:00etan ekitaldi xumea gidatu du Jon Insaustik, jarduneko Kultura zinegotziak Alderdi Ederren. Bertan Olatu Talka jaialdiko argazki erakusketa jarri da orain arteko ibilbidea balorean jarri eta eragileen lana eskertzeko.

Erakusketaren ondoren beste ekintzei hasiera eman zaie.

Grosen, Zurriola pasealekuan jarri den karpan Caritasek antolatutako Hiria Eraikiz ekintza burutu da. Eguraldia lagun, jendetza hurbildu da gizarte bazterkeria gainditu eta kultura aniztasuna aldarrikatzeko ekintzetan parte hartzera, kirola, eskulanak eta musika uztartu dira arratsalde osoan zehar haur zein helduei zuzendutako programazioan.

Hain zuzen ere, gure hirian dagoen kultur aniztasuna erakusteko eta migrazioaren errealitatea erakusteko, Ongi etorri eskolara ekimenak Egiako Blas de Otero plazan Gure oinek mundua mugitzen dute jarduera gauzatu dute. Bertan jolas, ipuin eta ekintza desberdinen bidez hainbat kultura ezagutzeko aukera egon da.

Kontxa Gaumarket merkatua indartsu hasi da. 18:00etatik aurrera 40 postu zabaldu dira Kontxako arkupeetan eta bertan izango dira 00:00ak arte. Bihar beste 40 postu izango dira 18:00etatik 00:00ak arte, saltoki horiek ez dira ostiraleko berak izango, beraz, bi merkatu ezberdin izango direla esan daiteke.

Jai Alai dantzan jarrai ikuskizunean Axuri Beltzako gaztetxoek dantza emanaldi koloretsu eta polita eskaini dute Udaletxe aurrean jarritako Olatu Talka 10 gunean. Eguzkiak erruz jo duen arren, 500 bat lagun izan dira emanaldia ikusten.

Zirriborro Jazz band-ak, aldiz, publikoa jarri du dantzan, 650 bat lagun. Zurriola Ikastolako gurasoek osatutako taldeak Boulevardeko Kioskoan eskaini du kontzertu bizia eta alaia. Jarraian, Toxic konpartsaren flashmobaz gozatu dute 450 ikusle inguruk.

Alderdi Ederreko agertokian Musika eta Dantza eskolako helduen banda izan da lehena igotzen. Konstituzio plazan berriz, hasi berri da Freshcool Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizuna. Bost urte betetzen ditu ikuskizunak eta estreinatu zuten leku berean ospatu nahi izan dute urteurrena.

Kontzertour kontzertu zirkuituak toki berezia du Olatu Talka jaialdian, eta guztira 50 emandali izango dira hiru egunotan. 18:00etatik aurrera, Hey Bastian, Alter Ego izan dira Cervantes Plazako agertokian. Iluntzean beste hainbat kontzertu izango dira Kaiko Keler Gunean, Kontxako Arkupetan dagoen Eguzkitekan eta Zurriolako pasealekuan: Saia Goait, Trukean, Lanbroa, DJ Asier, DJ Ben, Prexton, Soma Cult...

Argi Artean eguneko ekitaldi berritzailea

Argi Artean Loiolako Erriberetan, Oroimenaren lorategian egingo den arte luminiko jaialdi ikusgarri eta berritzailea 22:00etan hasiko da. Argi instalazioen erakusketa eta hainbat kontzertu eta ikus-entzunezko emanaldiez gozatzeko aukera izango da bertan, elizaren hormak formatu handiko proiekzioen pantaila erraldoi gisa erabiliz. Musika esperimentala, videomapping saioak, bideoa, astronomia... azken finean, artea eta teknologia biltzen dituen jaialdia izango da. Zuzendaritza artistikoa Ikerne Giménez eszenografoaren esku egon da. Jaialdiaren berezitasuna: bertan ikusgai egongo diren lanak egiteko lantegiak dinamizatu direla bai EHUko Arkitektura eskolan baita Tabakalerako Hirikilabsen ere.

Erakusketa Bostok