Albistea

Arte luminiko jaialdia, Samba kalejira eta Boga! protagonistetako batzuk

Ostiralean, maiatzaren 31n hasiko da Olatu Talka jaialdia eta gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Hiru egunez hiria mota askotariko ekintzekin beteko da eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte.

Hamargarren Olatu Talka izango da eta egindako ibilbideari aitortza egingo zaio Alderdi Ederren jarriko den argazki erakusketarekin. Erakusketa honen irekiera izango da hain zuzen ere, jaialdiari hasiera emango dion ekitaldia. #HiriaEgin leloari eutsiko dio Olatu Talkak, hamar jaialdi hiria egiten, hiritarrekin elkarlanean, hiria eraldatzen eta kultura, artea, musika espazio publikora ateratzen.

Eneko Goiak, jarduneko alkateak, azaldu moduan:

-300 eskaera eta proposamen baino gehiago jaso ziren kontzertua eman, Kontxa Gau Marketean postua jarri edota ekintzak antolatzeko.
-Ia 2.000 eragile dabiltza eta ibiliko dira hiru egun horietan hiria era askotariko ekintzaz betetzen.
-Mota guztietako ekitaldiak izango dira: dantza, musika, artea, zientzia... Adin guztientzat.
-20 ekitalditan izen-emateak izan dira, eta 1.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Alkateak hamar urteetan jaialdia gauzatu duten eragileak izan ditu gogoan. Haiei eskerrak eman dizkie eta aitortza egiteko Alderdi Ederren jarriko den argazki erakusketa aipatu du. Honekin batera, hiritarrak kalera atera eta jaialdiaz gozatzera gonbidatu ditu.

Jon Aizpuruak adierazi du Ingurumena eta ekologiarekin lotura estua izango duela aurtengo jaialdiak ere eta aurtengoan bereziki presente egongo da hainbat ekintzetan itsasoa eta hondartzen zaintza. Olatu Talkak hiri osoa hartuko du, hiriko gune guztietara iritsiko dira ekitaldiak, guztira ia 200.

Ekitaldi batzuk aipatu ditu Aizpuruak:

Loiola Apain Street art ekimenak
Loiola auzoan ekainaren 1ean, egun osoz

Formatu handiko mural bat margotzen ari da Marcos Navarro artista auzoko horma batean. Lanaren pintaketarako hainbat egun behar ditu eta Olatu Talka jaialdiaren egunetan bukatuko du. Horrez gain, mosaiko bat marrazteko aukera egongo da auzoko Igeltegi kaleko zoruan Reskateko kideekin. Kaleko artearen inguruan beste jarduera eta interbentzio gehiago egingo dituzte Gora-ko kideek. Olatu Talkatik harago, udazkenean auzoan arte urbanoa ardatz izango duen jaialdia egingo da Donostia Kulturaren gidaritzapean. Helburua artearen bidez auzoko eremuei balioa ematea izango da.

Ondarreggae Jaia
Ondarreta hondartza, ekainaren 1ean, 12:00-01:00

Bassque Reggae Elkartearekin elkarlanean, zenbait kontzertu izango dira egun osoan zehar, hondartza reggae musikaren erritmoez zipriztinduz. Bestalde, hondartza pareko lorategietan Mercadabadillo bigarren eskuko merkatua jarriko du Dabadabak Olatu Talkarekin elkarlanean antolatuta.

Jolas Kraterra
Ametzagaina parkea, ekainaren 2an, 11:00-17:00

Jolasaren eguna ospatu nahi da ekimen honekin eta haziera osasuntsuan jolasak duen garrantzia azpimarratu. 0 eta 9 urte arteko umeei zuzendutako ekintzak egingo dira eta hiru adin taldeetan banatuko dira: 0-3, 3-6 eta 6-9. Gune ezberdinak finkatuko dira parkean. Guneetako batean pedagogiako eredu berritzailetan oinarritutako proiektuen aurkezpenak egingo dira eta eurek hainbat dinamika gidatuko dituzte, bertan eman beharko da izena jolas hauetarako. Besteak beste, Zapaburu, Zingira eta Emeki-Emeki elkartekoak egongo dira bertan.

Bestalde, arte jarduerak egingo dira Zaldi Urdina eta Ajo arquitectura-rekin eta ingeleseko tailerrak Clover Donostiaren eskutik. Musikaren gunean berriz, eragile desberdinek antolatutako kontzertuak egongo dira, La La La Soinu Gelak gitarra, musika brasildar eta musika kubatar emanaldiak egingo ditu, Biurrun Musika Eskolak bere aldetik, PJ Kahuna eta Sara Grajalen kontzertua antolatu du eta ingelesez ariko dira kantari Gaia and Daddy bikotea.

Kontzertour
50 kontzertu hiru egunetan
Guztira 50 taldek joko dute eta hauetatik 16 dira Djak. Zirkuituaren baitan lehenengoz txertatu dira DJ saioak. Loretope agertoki berezia izango da musika saio hauentzat larunbatean. Cervantes plazan, Kaian, Eguzkitekan, Zurriola pasealekuan, Nautikoan edota Añorgan izango dira kontzertuak.

Azkenik, Jon Aizpuruak eragileen lana azpimarratu nahi izan du eta Olatu Talkaren ibilbideari garrantzia emateko Alderdi Ederren argazki erakusketa jarriko dela esan du. Urte hauetan jaialdian parte hartu duten eragileak gonbidatu ditu gerturatzera Ostiralean 17:00etan egingo den irekiera ekitaldira. Horrela emango zaio hasiera hamargarren Olatu Talkari.

Argi Artean
Ibai Zabaletak, Hirikilabesko arduraduna eta Argi Artean jaialdiko sustatzaileetako bat azaldu du light art ekimen honen ingurukoak. Argi Artean Loiolako erriberetan, Oroimenaren lorategian egingo da arte luminiko jaialdia ostiralean 22:00etan hasita. Argi instalazioen erakusketa eta hainbat kontzertu eta ikus-entzunezko emanaldiez gozatzeko aukera izango da bertan, elizaren hormak formatu handiko proiekzioen pantaila erraldoi gisa erabiliz. Musika esperimentala, poesia, videomapping saioak, bideoa, astronomia... azken finean, artea eta teknologia biltzen dituen jaialdia izango da.

Zuzendaritza artistikoa Ikerne Gimenez eszenografoaren esku egon da. Jaialdiaren berezitasuna: bertan ikusgai egongo diren lanak egiteko lantegiak dinamizatu direla bai EHUko Arkitektura eskolan Mario Sangalli eta Iñigo Viar irakasleekin elkarlanean eta baita Tabakalerako Hirikilabsen ere

Bukatzeko, azpimarragarria da erabili diren materialak 2016urteko Hiriburutza urteko jarduereteatik errekuperatu eta birziklatu direla, irekiera ekitaldiko LED tirak adibidez.

Samba
Ana Nushu dantza irakasleak ekainaren 2an igandean 13:00etan Kontxako erlojuetatik abiatuko den Samba kalejira azaldu du. Donostiara Brasilgo giroa ekarriko dela esan du Anak. Javi Finciasek prestatu du kalejira honetarako pieza bat eta hainbat batukadek ikasi dute. Hauen doinuak lagunduz kalejira parte hartzailea egingo da. Hiritarrak parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu Anak. Entsegu irekiak egin dira hilabete hauetan eta lan politaren emaitza ikusgarria iragarri du.

Boga! Itxiera ekitaldia
Hamargarren Olatu Talkak itsasoari egingo dio keinua itxiera ekitaldian igandean 19:00etan. Adin desberdinetako abesbatzetako ehun lagun jarriko ditu Gorka Mirandak Kaiarriba plazan jarriko den oholtza berezian. Easo abesbatzako zuzendariak landu du Boga! Klausura ekitaldia eta berak eman ditu xehetasunak. Bertan itsasoarekin lotura duten abestiak eskainiko dituzte. Easo Gaztetxoa abesbatza, Ibaiertz abesbatza, Laredoko Escolania Salve abesbatza eta abestiak lagunduz, Gero Axular taldeko dantzariak arituko dira. Josu Elberdinek pieza berezi bat sortu du Olatu Talkarako.

Iragarpenen arabera, asteburuan eguraldi ona izango da eta beraz, kalera atera eta ekintzetan parte hartzeko deia egin zaie hiritarrei. Jaialdiko programazio osoa hemen dago ikusgai.