Albistea

10 urteko ibilbidea ospatzeko Olatu Talka

Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eta 2an izango da Olatu Talka jaialdia eta dagoeneko, aurreratu daitezke egitaraua osatuko duten hainbat ekintza. Lehenengo xehetasunak diren arren, jaialdi sendoa, anitza, irekia eta parte hartzailea aurreikusten da.

10. urteurrena izanda, jaialdiak osatutako ibilbidea azpimarratu nahi izan da eta horrek Alderdi Ederren jarriko den gunean izango du isla. #HiriaEgin leloari eutsiko dio Olatu Talkak, hamar jaialdi hiria egiten, hiritarrekin elkarlanean, hiria eraldatzen eta kultura, artea, musika espazio publikora ateratzen.

Aurreko urteetan bezala, Olatu Talkak hiri guztian izango du presentzia. Ekimen desberdinak egongo dira auzoetan zein erdigunean. Hala ere, bereziki aipatu behar da Kontxako erlojuetatik, Eguzkiteka, eta Aquariuma bitartean osatuko den gune/agertoki ardatza.

Aurtengo jaialdiaren prestaketa lana bide onetik doa. Abenduan zabaldu zen deialdi hirukoitza jaialdian proposamenak egin edota Kontxa Gaumarketen postua jarri eta Kontzertourren parte hartzeko. Azken urteetan gertatu bezala, hiritarren erantzuna oso ona izan da eta 300 proposamen eta eskaera jaso dira.

Ingurumena eta ekologiarekin lotura estua izan du jaialdiak bere hastapenetik eta bereziki presente egongo da aurten hainbat ekintzetan itsasoa eta hondartzen zaintza.

Ekitaldi zehatzei dagokionez, badira berritzaileak izango diren hainbat. Arte diziplina desberdinek beti izan dute jaialdian lekua eta hala izango da beste behin ere.

Ostirala, Maiatzak 31

Argiartean, Memoriaren parkea (Loiolako Erriberak), 22:00-01:00

Arte Luminiko Jaialdia. Argia paisaiarekin, arkitekturarekin eta herritarrekin harremanetan jarriko duen jaialdia. Memoriaren Lorategia eta Iesu eliza inguru paregabeak dira oroimenaren kontzeptuaren inguruko irudi zein emozioak argi-instalazioen bidez adierazteko. Elizaren aurrealdea eta parkearen paisajismo zaindua erabiliko dira ibilbide bisualak egiteko, argi-instalazioen eta formatu handiko proiekzioen bidez. Argi instalazioak musika, bideo, dantza eta poesia emanaldi abangoardistekin uztartuko dira. Eragile askok hartuko dute parte ekimen honetan, besteak beste, Donostiako Arkitektura Eskola eta Tabakalera.

Ilustratzaileen erakusketa, maiatzaren 28tik ekainaren 17ra, Egiako pasabidean

44 emakumezko ilustratzaileren lanak ikusgai. Ilustratzaile bakoitzaren irudi bana eta haren biografia laburra jasoko dira binilo gainean egindako inpresio digitaletan. Ilustrazioak egun bizi duen une interesgarri honetan, emakumezko ilustratzaileen lanaren ikuspegi orokorra eskaintzea eta herritarren ikusmina eragitea du helburu erakusketak. Artistetako batzuk dira: Aitziber Alonso, Rebeka Elizegi, Ane Pikaza, Arantza Sestayo, Higinia Garay, Jone Bengoa eta Maite Gurrutxaga.

Larunbata, Ekainak 1

Ondarreagge jaia, Ondarreta, 11:00-01:00

Hondartza denboraldiaren hasiera ospatuko duen jaialdia. Hondartza eta itsasoaren erabilera arduratsua eta errespetua sustatzea da helburua. Hondartzan karpa bat jarriko da eta bertan Basque Reggae Elkartearekin elkarlanean, zenbait kontzertu izango dira egun osoan zehar, hondartza reggae musikaren erritmoez zipriztinduz Si’art Sound, Isens, Gambeat Radio Bemba, George Palmer eta Kobo Dada, Watts Attack Sound System eta elkarteko artisten kontzertuak izango dira besteak beste. Reggaearen historiaz zein musikaz hitzaldi bat ere egingo da bertan. Bestalde, hondartza pareko lorategietan Mercadabadillo bigarren eskuko merkatua jarriko du Dabadabak Olatu Talkarekin elkarlanean antolatuta.

Loiola apain, Loiola auzoa

Formatu handiko mural bat margotuko du Marcos Navarro artistak. Lanaren pintaketarako hainbat egun beharko ditu eta Olatu Talka jaialdiaren egunetan bukatuko du. Horrez gain, mosaiko bat marrazteko aukera egongo da auzoko Igeltegi kaleko zoruan Reskateko Jabier de Riba artistarekin. Honetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Kaleko artearen inguruan beste jarduera eta interbentzio gehiago egingo dituzte Gora-ko kideek. Olatu Talkatik harago, udazkenean auzoan arte urbanoa ardatz izango duen jaialdia egingo da Donostia Kulturaren gidaritzapean. Helburua artearen bidez auzoko eremuei balioa ematea izango da.

Igandea, Ekainak 2

Jolas Kraterra, Ametzagaina parkea, 10:00-18:30

Jolasaren gune honetan, hazkuntza osasungarri baterako jolasak duen garrantzia azpimarratu nahi da haur eta gurasoen elkarlana sustatuko duten jardueren bidez. Familiei eskainitako programazio zabala izango du, besteak beste, yoga haurrekin, askotariko tailerrak, Lalala Soinu Gelak eta Biurrun Musika Eskolak eskainitako kontzertuak... Zaporeak egitasmoak, bere aldetik, postua jarriko du ere. Haur eta helduek elkarrekin gozatzeko plana izango da.

Basoka, Miramongo basoa, 12:00-14:00

Olatu Talkaren baitan klasiko bihurtu da Basoka. Miramongo basoak eskaintzen duen ingurune natural ezin hobean, musikak hartuko du beste behin lekua. Artista ezberdinen emanaldiaz gozatu ahal izango da igande goizean, tartean: Jon Busselo, Iker Lauroba, Ane Leux eta Luke Armstrong.

Azkenik, aurki webgune honetan bertan zabalduko da Olatu Talkako tailer eta ibilbideetan izena emateko aukera. Adi egon eta ez galdu aukera parte hartzeko!