Albistea

OLATU TALKA 2019: badator 10. edizioa

2019ko maiatzaren 31 eta ekainaren 1 eta 2an, Olatu Talkan, herritarrek irabazi-asmorik gabe partekatuko duten talentu eta sormenaz beteko dira hiriko kaleak. Olatu Talkak 10 urte beteko ditu eta jaialdi ikusgarriago batekin ospatzeko aurrekontuan igoera puntuala eta antolakuntza mailako zenbait aldaketa izango ditu.

2019ko jaialdiaren programazioa osatuko duten egitasmo eta jarduerak aukeratzeko deialdi hirukoitz bat abiatu du dagoeneko jaialdiak:

  • Proposamenen deialdi orokorra: Talentua erakutsi edo kultur-ekimen bat jaialdiaren azpiegitura eta babesean garatu nahi duten pertsona edo elkarteei zuzendutako deialdia.

  • Kontxa Gaumarket deialdi berezia: Haien produktuak erakutsi edo saltzeko denda fisikorik ez duten sortzaileei zuzendutako deialdia. Kontxako arkupeetan, maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean, guztira 80 merkatu-postu eskainiko dira.

  • Kontzertour deialdi berezia: Edozein musika estiloko banda eta bakarlariei zuzendua, izen-ematen dutenen artean 25 kontzertu antolatuko dira Olatu Talkako eszenatokietan.

Deialdien inguruko informazio guztia eta izen-emateko formularioak  www.olatutalka.eus webgunean eskuragarri egongo dira. Proposamenak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 31 arte egongo da zabalik.

Jaialdi trinkoagoa eta ikusgarriagoa

2019an, bere 10. urteurrena ospatzeko, ekoizpenerako aurrekontu gehiago izango du Olatu Talkak. Aurrekontu igoera honek jarduerak jasoko dituzten azpiegituran eta guneen diseinuan eta ikusgarritasunean izango du eragina, batez ere.

a) Olatu Talka erdigunean: Erlojuetatik Aquariuma arte, kultur-jarduera kilometro bat baino gehiago

Leku jakin bati lotutako jarduerak kenduta, erdiguneko programazioa osatuko duten jarduera guztiak Eguzkiteka (Kontxako erlojuak) eta Aquariumaren arteko ibilbidean bilduko dira. Pasealekuan zehar eszenatoki, merkatu, karpa, erakusketa, lantegi edo gastronomiarako guneek etenik gabeko kultur-ibilbidea osatuko dute.

  • Musika elektronikoa eta dantzarako gunea Eguzkitekan.
  • Kontxako arkupeetan, berriz ere, Kontxa Gaumarket sortzaileen merkatu arrakastatsua.
  • Kontzertour eszenatokiak Cervantes plazan, Udalean eta Portuan.
  • Arte plastikoen gunea Alderdi Ederreko lorategietan.
  • Udaletxearen aurrean gune berezia Olatu Talkaren 10 urteen inguruan ekitaldi bereziak eta formatu handieneko emanaldiak jasotzeko.
  • Dj terraza,  atsedengunea, Food Truckak eta Kontzertour eszenatoki bat portuko Keler gunean.

Berriz ere Olatu Talka jaialdiak Keler enpresaren babesa izango du

 b) Olatu Talka auzoetan: berezko nortasuna duten jaialdiak

Donostiako auzoetan, eta Kultur Etxeen sareak koordinatuta, jaialdi monografikoak antolatzearen alde egin da apustua. Horrela, auzoetako guneetan, besteak beste, zientzia, familia jolasak, zinea edo kultur-aniztasunaren inguruko jarduera nagusiak gauzatuko dira.

Auzoetako jarduerek ere, erdigunean bezalaxe, baliabideen aldetik tratamendu berezia izango dute eta aipatutako programa orokorraren baitan protagonismo nabarmena izango dute.

c) Arte plastikoek protagonismo berezia

2019 Olatu Talkan esfortzu berezia egingo da diziplina desberdinetako artista plastikoen parte-hartzea sustatu eta euren lana kalean bistaratzeko forma berriak lantzeko. Horretarako, gune nagusietako bat eskaintzeaz gain, hirian zehar hainbat mostra, erakusketa, lantegi eta jarduera egingo dira arte plastikoen inguruan.