Albistea

Aldarrikapen giroan bukatu da jaialdia, Zuloagan egindako festarekin

Bukatu da Olatu Talka 2018, lehen balantze baikorrarekin. Une batzuetan eguraldia lagun izan ez den arren, aurreikusitako ekintza gehienak egin diraAldarrikapen giroan amaitu da jaialdia.

Gizarte gaiez beteta etorri da aurtengo Olatu Talka, eta bukaera ere aldarrikapen doinuz iritsi da. 13:45 aldera egin da eguneko ekimen bereziena: bortizkeria sexistaren aurkako ekitaldia. Ekitaldi honetan Ane Osa Intxaurrondo Kultur Etxeko zuzendaria aritu da gidari moduan eta berak azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak. Harituzeko kideek bultzatuta, Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka ekimenaren baitan, ehunka lagunek ehundutako ia 5 kilometroko bufandak (Olatu Talka jaialdiaren baitan aurten 88 metro ehundu dira) bortizkeria sexistaren ondorioz hildako milaka emakumeak omentzen ditu; bufanda zatitxo bakoitzak hildako emakume bat gogorarazten digu, eta batez ere, sarea osatzeko eta gizarte honek jasaten duen gaitz latz horren aurrean kontzientzia sortzeko balio du. Olatu Talkak sare horri jarraituz, eta kontzientziazio arloan beste urrats txiki bat eman nahian, bufanda hori ardatz hartu du eta Elene Carreto dantzariak Elorrioko bere ikasleekin sortutako dantza eskaini du. Carretok sortutako dantzak Olatz Salvador abeslari donostiarrak egindako Korapilatzen abestia du oinarri, eta emanaldia oso hunkigarria izan da. Dantza bukatutakoan dantzariek bufanda zatiak zintzilikatu dituzte oholtza atzealdean, eta bertan geratu dira jaialdia bukatu arte.

Itxiera

Zuloaga plazan goiza Izarrak Plazara talent showarekin hasi da. Bertan parte hartzeko hautatutako 12-17 urte arteko gaztetxoek emanaldi polita egin dute eta haien talentua erakutsi dute elkartutako 350 ikusleen aurrean.

Goiz hasi dira ere Donostia Sketch marrazketa maratoian izen-emandako 200 lagunak. Goizean jaso dituzte Talens koadernoak eta Zuloaga Plaza inguruan aritu dira marrazkiak egiten, eta 13:00etan familia argazkia egin dute Urgull magalean. 18:00etarako bukatu dute lana eta haien koadernoak entregatu dituzte.

DonotiaSketchBotokPhoto

Goizean hasi dira ere Gipuzkoako Argazkilari Elkartekoak bertaratutako guztiei argazkiak ateratzen Estudioa Kalean.

Kontzertuek leku garrantzitsua izan dute gaur egunean zehar. Beira taldeak giro bikaina jarri du Zuloaga plazan goizean, eta Bidean eta Infame taldeek Zurriolako Keler gunean. Arratsaldean, berriz, Gardena eta Hostoak aritu dira Cervanteseko Fnac agertokian. Eguna, Indidxabak eta Mushkum taldeek Zuloaga Plazan eskainitako kontzertuekin amaitu da. Arratsaldeko hauetan euria izan da protagonista eta jende gutxiago bertaratu da.

Dantza ere izan da jaialdiko azken egunean. Showtime Dantza Elkartearen emanaldiak izan dira lehenengoak, Cervantes Plazan hasitako ibilbidearekin. Zurriola Musika eta Dantza Eskolaren Dantza Topaketa, Elene Carreto eta Beñat Urrutiaren Desafioa 19:55 eta Nebraskaren emanaldia ere izan dira.

ItsasZaborraBostokPhoto

Itsasoarekin lotutako bi ekimen izan dira: Itsas Zaborra Out eta itsas ibilbide didaktikoak. Lehenengoan 400 parte-hartzaile eta ikusle izan dira, eta bigarrenean, 200 lagunek parte hartu dute. Roller Derby partida ikusteko aukera ere izan da Boulevardean, larunbatean ez bezala gaur lurra lehor baitzegoen eta ez zen bertan behera utzi behar izan, bezperan Intxaurrondoko ikastaroarekin gertatu bezala.

RollerDerbyBostokPhoto

 

Añorgako Harrobiaren Plaza

Olatu Talkako azken egunean, Zuloagaz gain, beste gune garrantzitsua Añorga izan da, izan ere, Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearen ekimenez, izena eman zaio Añorgako plazari. Añorgatarrek aste osoa eman dute plaza margotzen, prestatzen eta abar, eta gaur izena ere jarri diote. Añorgan parte hartze prozesu bat egin dute plazari izena emateko, eta aurrerantzean izena izango du: Harrobiaren plaza. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideek harrobien eta harrobi hitzaren inguruan irakurketa egin ondoren, izena proposatu zuen umeak plazaren izenarekin jarritako plaka erakutsi du.

Añorga1BostokPhoto

Arratsaldean Añorgan jarraipena izan du festak Orixe Bertsolaritza Sariaren Finalarekin.


Eguraldiaren aurre eginez, balantze baikorra

Oraindik jaialdiaren balantzea egiteko goiz den arren, lehen datu batzuk azpimarratzea garrantzitsua da. Izan ere, eguraldiari aurre eginez, ekitaldi ia guztiak egin ahal izan dira eta jendearen erantzuna primerakoa izan da. Guztira, Olatu Talkako ekitaldietan 30.000 lagun inguru izan direla esan dezakegu.

Ostiralean, 6.000 lagun baino gehiago izan ziren 15 ekitaldi baino gehiagotan. Ostiralean jende gehien Kontxa Gaumarketek elkartu zuen, 2.500 lagun baino gehiago bertaratu baitziren. Inaugurazio ekitaldira 500 bat ikusle hurbildu ziren eta Zuloagako, Cervanteseko eta Zurriolako kontzertuetara ere jende dezente gerturatu zen.

Larunbatean, goiza euri jasa handiekin hasi zen eta ondorioz, ekitaldi batzuk bertan behera geratu ziren, baina % 95 egin ziren. Arrakastatsuenen artean berriro ere KontxaGaumarket aipatu behar, 4.000 lagun inguru bertaratu baitziren, ostiralean baino jende gehiago. Horrez gain, Basoka: Zorionak Dylan!, Antiguako Merkatuaren Eguna, Boulevardean egun osoan eskainitako emanaldiak eta Munduko Jolasen Topaketa aipatu behar. Gustira 20.000 lagun inguru ibili ziren 100dik gora ekitaldietan.

Igandeko balantzea ezin da oraindik egin, baina goizean Zuloaga Plazan 2.000 lagun inguru izan dira.