Albistea

Auzoak, Basoka berezia eta Zuloaga Plazako festa protagonistak

Maiatzaren 25, 26 eta 27an izango den Olatu Talka jaialdiaren programa osoa eskugarri dago jada. 9. Olatu Talka indartsu dator, herritarren parte hartzearekin hiria eraikitzeko, eta ekimen interesgarri ugari izango dira.

Badator Olatu Talka, eta ekimen interesgarri ugari izango dira. Hona hemen ekitaldi batzuk (programazio osoa webguneko agendan)

Musikaz beteriko jaialdia

Basoka: Zorionak Dylan!

Miramongo basoa, maiatzaren 26an, 18:00-21:00

2015eko Olatu Talka jaialdian, lehenengo aldiz egin zen Basoka, bi helburu nagusirekin: alde batetik, Miramongo basoa ezagutarazi eta kultur jardueren agertoki gisa duen potentziala erakustea, eta bestetik, musikarien eta publikoaren arteko harreman sendoa berreskuratzea, jaialdi erraldoien hoztasunetik ihesi. Formatu akustikoan oinarritutako emanaldiak gertutasun eta gordintasunez aurkezteko gunea izan da Basoka.

Aurten Basokari bestelako jite edo ukitua eman nahi izan zaio, eta horregatik, urteurren bat hartu da oinarri. Hilaren 24an Bob Dylanek 77 urte beteko ditu, eta bi egun geroago, Zorionak Dylan! emanaldia izango da Miramongo basoan. 25 musikari baino gehiago elkartuko dira Miramongo basoan, eta Dylanen 25 abesti eskainiko dituzte, norberak bere ikuspegi eta estiloaren arabera. Basokan izango dira, besteak beste, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Mikel Azpiroz, Rafael Berrio eta abar.

Kontzertour

40 kontzertu hiru egunetan
Basoka ez da izango musikazaleentzat aukera bakarra. Olatu Talka musikaz beterik dator: 40 kontzertu baino gehiago izango dira hiru egunetan: Zuloaga Plazan, Boulevardean, Cervantes Plazan, Zurriola Pasealekuan, Kontxako arkupeetan, Nautikoan, Harria parkean, Aitzol parkean eta Txaparrene Pasealekuan.

Olatu Talka auzoetan

Añorga, auzolana

Maiatzak 25, 26 eta 27

Añorgan izango diren egitarauko ekintzak hauek izango dira: Bertso eskola, bertso emanaldiak, kontzertuak, Errementari filmaren emanaldia, Dantzari Eguna, herri bazkaria, haurrentzako jolasak...

Hala ere, ekitaldi bereziena igandean izango da, aspaldi hasitako ekimenaren amaiera gisa. Izan ere, Añorgako plaza (Cementos Rezolarena da eta Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteak du erabilera eskubidea) “inauguratu” egingo da. Nolabait izena eta izana emango zaio plaza horri. Alde batetik, plaza horretan hainbat esku-hartze egingo dira (egiten hasi gara jada), plaza hori nolabait txukuntzeko eta atontzeko, herritarren erabilera beharretara egokituz. Beste alde batetik, plazari izena emango zaio, orain arte ez baitu izenik izan. Horretarako guztirako Añorgan bertan parte-hartze prozesua bideratu du Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak, eta herritarrek proposamenak egin dituzte plazari izena eta izana emateko. Prozesua garrantzitsua da Añorgarentzat, izan ere, plazek berebiziko garrantzia dute edozein komunitaterentzat. Plazak espazio publikoak dira, herritarrek erabiltzeko espazio publikoak, eta oso garrantzitsua da plaza horien erabilera moldeak eta arauak herritarrekin adostea eta haiekin batera bultzatzea.

Made in Altza

Harria Parkea, maiatzak 26, 21:00-00:00
Altzako Harria parkean Altzarekin lotutako film laburren proiekzioa izango da, Kristonkino elkarteak bultzatuta, eta gainera egun horretan bertan Txirrita Bertsolariaren Pasealekuan era analogikoan grabatutako film laburra ere eskainiko da.

Zeramika sorkuntza berezia

Aita Orkolaga Pasealekua 46, maiatzak 26, 16:00-21:00
Igeldon, Urdermounten egoitzan, paper eta buztinezko labe bat eraikiko da, pieza handi baten inguruan, eta zeramika pieza handi bat sortuko da era ikusgarrian.

Merkatuaren eguna

Alfonso XIII.a Plaza eta frontoia, maiatzak 26, 10:00-22:00
Antiguako Merkatu zaharrean urtean zehar eragileek egiten dituzten lanen erakustoki bihurtuko da Antigua. Eragile askoren lanarekin egun osoko egitaraua antolatu dute bertan.

Itxiera festa Zuloaga Plazan

Zuloaga Plaza, maiatzak 27, 10:30-20:00

Goizean goizetik artearekin lotutako ekimenak izango dira: marrazkilariz beteko dira inguruak Donostia Sketch marrazketa maratoiarekin, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak estudioa kalera aterako du, Elena Scaratiren Flintlove instalazio artistikoa...

Musika eta dantza emanaldiek ere leku garrantzitsua izango dute Zuloaga plazan: goizean Izarrak Plazara ekimeneko 12-17 urteko gaztetxoek haien talentua erakutsiko dute oholtza gainean, eguerdian Beira taldeak kontzertua eskainiko du, Nebraska taldeak dantza emanaldia egingo du eta eguna amaitzeko kontzertu sorta izango da: Indidxabak, Last fusion eta Mushkum. Dantza emanaldiak aipatuta, Elene Carreto eta Beñat Urritiaren Desafioa 19:55 (15:00etan) ezin ahaztu.

Baina igandeko ekitaldi nagusia 13:30ean izango da Zuloagan bertan: bortizkeria sexistaren aurkako ekimena egingo baita. Harituz elkartearen ekimenez milaka lagunek ehundutako 4 km-ko bufanda oinarri hartuta, dantza ikuskizun bat prestatu dugu ikasleekin. Ekimen horretan Olatz Salvador musikari donostiarraren Korapilatzen kanta erabiliko da, eta guztion artean bortizkeria sexista arbuiatuko da. Ekimen honetan parte-hartzera deitu ditu herritar guztiak eta Olatu Talkako eragileei dei berezia egin die.