Albistea

Eguraldiari aurre eginez, maiatzaren 26ko ekitaldi gehienak egin dira

Ostiraleko ekitaldiak arazorik gabe eta arrakastaz egin ostean, larunbata euritsu hasi da, eta ekitaldi batzuk bertan behera geratu dira eta beste hainbat lekuz aldatu behar izan dira, baina ekitaldi gehienak egin dira (% 95), eta ekitaldi batzuk arrakastatsuak izan dira.

Goiza euri jasekin hasi da, eta ondorioz, hainbat jarduera bertan behera geratu dira: Kontxan Arraunean, Kaiko Instalazio Artistikoa, Bideoklip grabaketa Loiolan, Egia Segurua, Haurren Egia, eta Mendi bizikleta tailerra eta ibilbidea. Baina, egun euritsuari aurre eginez, maiatzaren 26an aurreikusitako ehundik gora ekitaldien artetik gehienak (% 95) egin ahal izan dira.

Beste ekitaldi batzuk lekuz aldatu behar izan dira, aterpe bila, baina lekuz aldatuta edo aurreikusitako tokian eginda, hainbat ekitaldi oso ongi joan dira eta arrakastatsuak izan dira.

Basoka, Zorionak Dylan!: Basoka jaialdiko agertokia Miramongo basoan bertan mantendu da, baina apur bat mugituta, bertaratutakoei aterpea emate aldera, eta ondorioz, Basque Culinary Center-en ondoan jarri da agertokia eta jendeak bertako aterpea erabili ahal izan du. 400dik gora lagun elkartu dira Miramongo basoan eta gogotik gozatu dute Luke Amstrong, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Rafael Berriok eta beste hainbatek egindako bertsioekin.

BasokaBostokPhotoWEB

Matazak indarkeria sexistaren aurka: Goizeko 11:00etan hasi da Harituzen ekimena, euri jasa nabarmena zen unean, baina elkartutakoek Zuloagako estalitako oholtzaren atzealde guztia hartu dute, eta jo eta ke aritu dira indarkeria sexistaren aurkako bufanda ehuntzen. Harituzeko kideek, gainera, aste hauetan zehar hainbat eragilek ehundutako mataza zatiak jaso dituzte, jada 4 kilometro luze den bufalda hori are luzeago bihurtzeko.

Zuloaga Plazako beste ekitaldiak: Harituzen matazez gain, Zirriborro Jazz Bandeko kideak gogotsu aritu dira goiz euritsuan. Hasieran ikusle gutxi zegoen, baina eguerdi aldera atertu du eta plaza jendez betetzen joan da Igara Roosters eta Mojo Handen kontzertua entzuteko, Soinuaren Olatuak piano eta poesia emanaldiaz eta kantu moderno emanaldiaz gozatzeko. Baina, zalantzarik gabe, ekitaldi arrakastatsuena Axuri Beltza Kultur Elkartekoen Hiria Dantzatzeko ekitaldia izan da, plaza bete egin baita. Ondoren, Bidebietako Gaztelekukoen eta + 55 taldekoen musikalen eta Malecón Latinoren txanda izan da.

Ibilbideak: Ibilbideen kasuan, aldez aurretik izen-ematea zuten gehienek, eta izen-emandako gehienak txintxo azaldu dira ezarritako hitzordura. Goizean, euriari aurre eginez Miramongo basoko animaliak ezagutzera abiatu dira 60 lagunetik gora Katxola baserritik. Hiri-legendak ezagutzeko ere Erdialdetik abiatu dira 40 bat lagun (batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez) Oh My Walkek gidatuta. Baleei buruzko informazioa ezagutzeko 30 bat lagun atera dira Aquariumetik.

Eguzki Pawn Jaia: Goizean eguzkirik ez zegoen arren, energia berriztagarriak erabiliz egindako DJ emanaldiak aurrera egin du arazorik gabe, hasiera ordurako, 13:00etarako, euririk ez baitzen, eta Nautikoan giro polita izan da arratsalde osoan.

EguzkiPwanBostokPhotoWEB

Boulevard: Boulevardean goizean ez da jende askorik ibili, ez baitzen giro, baina eguerditik aurrera beste itxura bat hartu du. Superacid taldea giroa berotzen hasi da, emanaldi polit batekin, eta hortik aurrera dantza gune jendetsua bihurtu da: Tttipikarekin dantzara ekimenak jende asko jarri du dantzan, eta ondoren, Comienza el Tempo, Fiesta Bangra Desh, eta Oriental Fantasy Cabaret emanaldiek ikusle asko elkartu dute.

Munduko Jolasen Topaketa: Topaketa honetan postu batzuk Blas de Otero plazako arkupeetan jarri behar izan dira, baina jarduerak gehienak aurreikusi bezala egin dira, eta giro bikaina izan da bertan. Munduko kultur arteko topaketa interesgarria izan da eta ehunka lagun pasatu dira bertatik, batez ere, familiak haurrekin.

MundukoJolasakBostokPhotoWEB

Merkatuaren Eguna: Antiguan, aurreikusi bezala, aterpera jo dute eta frontoian eta merkatuan egin dituzte jarduerak. Giro polita izan dute egun osoan 1.500 lagun inguru izan dira bertan.

Gros: Zurriolan aurreikusitako gunean ekitaldi batzuk bertan mantendu dira eta beste batzuk Okendo Kultur Etxera lekualdatu dira, batez ere Urbanzientziako ekitaldiak. Okendon Kultur Etxera ez da jende gehiegi hurbildu, baina bertaratu direnek gogotik gozatu dute Urbanzientziako esperimentu eta bestelakoekin. Zurriolara arratsaldean jende dezente hurbildu da.

Elkarbizi jaia: Intxaurrondoko Txaparrene kalean antolatutako Elkarbizi Jaia izan da eguraldiak kaltetuenetako bat, izan ere, ekimenak egin diren arren, gehienak goizean izan dira eta ondorioz

Amara: Aitzol plazatik Amara Berri Eskolako Ferrerias Plazako egoitzara eraman behar izan dira ekitaldiak, eta goizean giro apal xamarra izan da, baina eguerditik aurrera Biurrun Musika Eskolakoen emanaldietan, kontzertuetan eta haur eta gaztetxoentzat jolasetan jende dezente elkartu da.

MuralismoAmaraBostokPhotoWEB