Albistea

Afrikako erritmoz beteriko inaugurazioarekin hasi da jaialdia

Gaur, maiatzak 25, 2018ko Olatu Talka hasi da eta inaugurazio ekitaldia izan da 20:00tan. Zuloaga plazan ikuskizun berezi batekin hasi da jaialdia. Ekitaldiak Saharaz hegoaldeko Afrika izan du oinarri, gurera etortzen diren herritarrak eta hona iristeko dituzten gorabeherak ardatz hartuta.

Afrika kontinentea eta Donostia lotu ditu Agurtzane Intxaurraga Hika antzerki konpainiako eszena zuzendariak landutako ikuskizunak. Bertaratutako ikus-entzuleek, Donato Goienetxe konpositorearen Afrika pieza sorta oinarri hartuta sorturiko musika, performance eta dantza koreografiaz gozatu dute. Intxaurragak azpimarratu du bi lurraldeotan bizitzeko modu ezberdinaz jabetzeko bidea eman duela ikuskizunak, eta aldi berean, olatuek Afrikan eta Donostian lurraren aurka berdin talka egiten dutela ikusteko.

Inaugurazioa4

Ikuskizun honetan jende askok parte hartu du, hilabeteetako lana eginez. Konpromisoa, lan gogorra eta talentua bilduz, inaugurazio arrakastatsua bizi izan du Olatu Talkak. Oholtza gainean izan dira: Nosa Igbinomwanhia abeslaria; Olana Liss abeslari eta dantzaria; Bibiche Toure eta Kara Camara musikariak; Thierno Ibrahima Diedhiou dantzaria; Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko Big Banda, Roberto Pacheco zuzendari zuela; Donostiako Musika eta Dantza Eskolako abesbatza, Karmele Iriarte eta Maju Susperregi zuzendari zituztela; Musika eta Dantza Eskolako dantza taldeak, Ana Remiro eta Noemi Vianaren ardurapean; eta Ainhoa Aierbe aurkezle lanetan. Baina, oholtza gainean izan direnez gain, beste askok ere lan egin dute ikuskizuna prestatzeko lanetan: Borja Ariasek egin ditu musika konponketak; jantzien diseinua Xabi Mujikak; eta Arantza Iturbek testuak atontzen lagundu du.

Inaugurazioaren aurretik beste ekitaldi batzuk

Inaugurazio ekitaldia 20:00etan hasi den arren, aurretik izan dira beste ekitaldi batzuk hiriko hainbat gunetan.

Egia Segurua, Haurren Egia:

Ekitaldirik goiztiarrena izan da, eta bertan Egiako Aitor Ikastolako eta Maria Reina eskolako haurrak eskolarako bide segurua bermatzeko eta bultzatzeko ekimenak egin dituzte. 180 lagunek parte-hartu dute ekimenean.

Udaberrifest:

Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolako patioan izaera komunitarioko festa egin dute, eta haurrak, nerabeak eta familiak elkartu dira, birziklatzea, bide hezkuntza eta bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko. Martuteneko Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Etxarriene Auzo Etxeak antolatutako ekintza izan da, auzoko eragile askok babestua.

Udaberrifest

Kontxa Gaumarket:

Merkatua ere indartsu hasi da. 18:00etatik aurrera 43 postu zabaldu dira Kontxako arkupeetan eta bertan izango dira 00:00ak arte. Bihar beste 43 postu izango dira 18:00etatik 00:00ak arte, saltoki horiek ez dira ostiraleko berak izango, beraz, bi merkatu ezberdin izango direla esan daiteke.

Musik&Bizi:

Jakintza Musika Eskolakoek erritmoz beteriko emanaldia egin dute Antiguako frontoian 18:00etatik.

JakintzaMusikaEskola

Kontzertour:

Kontzertuek toki berezi bat dute Olatu Talka jaialdian, eta guztira 40 kontzertu baino gehiago izango dira hiru egunotan. Gaur 18:00etatik aurrera, Olana Liss, Hiri Galduak eta Munch izan dira Cervantes Plazako Fnac agertokian. Iluntzean beste hainbat kontzertu izan dira hiriko hainbat puntutan: The Tentacle, Middle Class Vultures, Physis VS. Pelax....