Albistea

Aldarrikapen sozialak izango dira jaialdiaren ardatz

Olatu Talka jaialdiaren programa aurrerapena egin da jada, eta hainbat aldarrikapen sozial izango dira jaialdiaren ardatz. Izan ere, hiriaren kultur aniztasuna aldarrikatzeko jarduerak, biolentzia sexistaren aurkako ekimenak eta mugikortasun inklusiboa bultzatzeko ekintzak izango dira Olatu Talkan.

Olatu Talkaren filosofiarekin bat datoz aurten jaialdiko ekitaldiak. Izan ere, #HiriaEgin leloari eutsiko dio Olatu Talkak, eta aurten hiria batez ere ikuspegi sozialetik eraikitzeko saioa egingo da. Olatu Talkak hiritarrak ditu protagonista, hiritarrak dira jaialdiaren egileak eta aurten ikusi dugu gai sozialak ardatz hartuta eraikiko dela hiria. Hiria arlo sozialetik eraikitzeko funtsezkoak diren hainbat gai landuko dituzte herritarrek: esaterako, emakumeen kontrako indarkeria; hiriaren aniztasuna; eta baita, mugikortasunaren inguruko hainbat ekimen ere....

Ondoren, ekitaldi zehatzak aurkeztu dituzte bertaratutakoek.

ANIZTASUNA

Irekiera Ekitaldia, maiatzaren 25ean, Zuloaga Plazan, 20:00

Lehenik eta behin Olatu Talkaren inaugurazio ekitaldian bertan aniztasun hori izango dela ardatz esan du Intxaurragak, bera baita ekitaldiko koreografoa. Ekitaldiak Saharaz hegoaldeko Afrika izango du oinarri, gurera etortzen diren herritarrak eta hona iristeko dituzten gorabeherak ardatz hartuta. Honako hauek parte hartuko dute:

Munduko Jolasen Topaketa, maiatzaren 26an, Blas de Otero Plaza, 17:00 – 21:00

Tabakalera ondoko Blas de Otero plazan, Munduko Jolasen Topaketa egingo da, “Ongi etorri eskolara” proiektuaren baitan bultzatuta. Jaialdian jatorria beste herrialde batean duten donostiarrek eta euskaldun jatorria duten hiritarrek topo egingo dute, batak besteari bere kulturarekin batera dakarren aberastasuna erakusteko. Hau honela izan dadin, kirola, gastronomia, musika, bertsoak, dantzak, jolasak, ahozko kontakizunak, hizkuntzak, erakustaldiak, tailerrak,... egongo dira.

BIOLENTZIA SEXISTA

Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka, maiatzaren 26an, Zuloaga Plaza

Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka ekimenak bere proiektua ezagutarazi eta gaiaren inguruko kontzientziazioa bultzatuko du. Ekimena 2014an sortu zen bortizkeria sexistaren adierazpide guztiak salatzeko, eta horretarako kanpaina bat abiatu zen: bufanda erraldoia iruteari ekin zioten, kilometro askoko pieza artistikoa osatuz. Zatiak pertsona anonimoek, elkarteek eta funtsean gaiaren inguruan kontzientzia duen edonork egin ditzake eta elkarlanaren emaitza da 4 kilometro baino gehiagoko bufanda. Olatu Talkan ere ekarpena egingo zaio proiektu honi.

Bortizkeria sexistaren aukako ekimena, maiatzaren 27an, Zuloaga Plazan 13:30ean

Itxiera egunean ekitaldi nagusia bortizkeria sexistaren aurkako ekimena izango da, eta bertan parte hartuko dute Olatu Talkako hainbat eragilek. Biolentzia sexistarik gabeko gizarte bat aldarrikatzeko aipatutako bufanda hari gisa hartuta, hainbat elkartek bat egingo dute aldarrikapenarekin eta haien ekarpena egingo dute. Ekitaldi berezia izango da eta herritarrei dei egiten diegu bertara daitezen.

Horrez gain, gaiarekin lotutako beste ekimen batzuk ere izango dira, esaterako, Maldatxoko puntu kritikoan esku-hartze artistiko-urbanistikoa egingo da Udaleko Berdintasun Departamentuaren parte hartzearekin.

MUGIKORTASUN INKLUSIBOA

ElkarBIZI Jaia, maiatzaren 26an, Txaparrenen, 10:00 – 18:30

ElkarBizi jaian mugikortasun arazoak dituztenen, bizikleten, oinezkoen, patinatzaileen eta abarren arteko elkarbizitza landuko da, izan ere, hainbat arazo sortu ohi dira inguru horretan, eta modu positiboan landu nahi dira. Jai honen bultzatzaile nagusiak IZBE (Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea), Intxaurdi Auzo Elkartea eta Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea dira, baina beste hainbat elkartek ere parte hartuko dute, esaterako, Lotzen ADD, GIMBE (Gipuzkoako Mendi Bizikleta Elkartea), Gipuzkoa Solidarioa eta Easo Avengers.